XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Indarrak eta deformazioak

Irudiko malgukitik pisu bat zintzilikatzen badugu, deformatu egiten dela ikusten dugu (luzatu); deformazio hau (luzapena), pisua kentzen dugunean anulatu egiten da.

Hau da, malgukia bere jatorrizko neurrira itzultzen da.

Gauza bera gertatzen da goma elastiko batekin saio berdina egiten badugu.

Emaitza berbera lortzen dugu pisua zintzilikatu ordez malgukitik edo gomatik eskuarekin beherantz tiratzen badugu.

Plastilina puska bat atzamarrekin zanpatzen badugu, hau deformatu egiten da.

Nahiz eta eskua atzeratu deformazioak bere horretan irauten du.

Esperientzia hauek bide ematen digute ondoko hau egiaztatzeko:

Indarra deformazioaren kausa da eta materialak ondoko era honetan sailkatzeko:

- Elastikoak.

Indar deformatzailea anulatzen denean, materialak jatorrizko itxura berrartzen du.

- Plastikoak.

Indar deformatzailea anulatzen denean, materialak ez du jatorrizko itxura berrartzen eta deformaturik geratzen da.

- Zurrunak.

Ez dute itxura aldatzen indar baten menpe daudenean.

Kanpo indar baten eraginpean egon arren, beren partikulen arteko distantzia konstante mantentzen da.

- Aipatu hiru material mota hauen adibideak.

Elastikotasun hitzaz hainbat gorputzek daukaten propietate hau ulertzen da: kanpo-indar baten menpe daudenean beren itxura aldatzekoa, eta jatorrizko itxura berrartzekoa indar hori anulatzen denean.

Elastikotasuna materiaren propietate orokor bat da; gasak ere elastikoak dira (konpresioarekiko elastikotasuna).

Malgukien elastikotasunak muga bat du, elastikotasun muga deritzona, hau gaindituz gero gorputzak ez du bere itxura berrartzen eta itxuragabetasuna iraunkorra egiten da; gainera, eragiten dion indarrak handitzen jarraitzen badu apurtu ere egin daiteke.

Solidu orok zurruntasun muga bat dute, hau da, zenbait indarren ekintza jasan dezakete, baina, hauek handitzean beren itxura eta bolumena gehiago edo gutxiago aldatzen dute.

Edozein indar jasateko gai den solidu zurrun bat ideala da.

Gasen kasuan, gas izaten jarraitzen duten bitartean ez dago elastikotasun mugarik.